PARTEKATUTAKO MENDI ESPERIENTZIAK
BERRIAK

Irumugarrieta (809 m.)

irumugarrieta aiako harriak bilaketarekin bat datozen irudiakDistantzia: 3,4 km
Desnibela: 305 m.
Bide mota: Joan-etorria bide beretik.
Zailtasuna: Zaila. Une oro bide harritsuak eta aldapatsuak. Gailur aldea bi aldapa oso arriskutsuak, bata beheranzkoa eta azken aldapa bestea.
Sarbidea: Soilik Joëlette eta norabide barrarentzako irisgarria.
Kontuan hartzekoa: Gidariez gain pertsona bat baino gehiagoren laguntza beharrezkoa da.

IBILBIDEA
0.00: Elurretxeko lepotik abiatzen gara ingelesaren gazteluko bidea hartuta.
0.10: Behin bidegurutzean, tontorra adierazten duen seinalea jarraitu bide zabala hartzen dugula.
1.30: Junkaleko gainera iritsita bidea berdinari ekin kobak zeharkatuz. Hemendik aurrera aldapa behera arriskutsua topatuko dugu.
1:50: Azken aldapari eutsiko diogu. Azken hau ere oso arriskutsua da joelettearentzat beraz teknikoki oso erne eta prest egon behar da.
2.15: Irumugarrietako tontorrera iritsiko gara.


KULTURA
Intxixuak garrantzi berezia du Oiartzungo mitologian. Nolanahi ere Intxixuaren jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.

Dakigunez, Intxixuaren jatorria aztertzeko ahaleginak 1916an egin zituen orduko apaiza zen Florencio Portuk. Argitaratu gabeko eskuizkribuan dioenez, sorgina emakumea zen eta intxixua haren gizona, azti moduko bat.

Antza denez, pertsonai misteriotsu bat topatu zuten Arditurrin. Meatzari batzuk topatu zuten zeharo motelduta: “ahaleginak egin genituen berarekin hitzegiteko, euskaraz, gaztelaniaz eta baita frantsesez ere baina ez genuen lortu”. Denborarekin argaltzen joan zen eta azkenean hil egin zen. Oiartzuarrek oso argi zuten: Intxixua zen aurkitutako pertsonaia, ordu arte inork ikusi izan arren denek zuten haren berri.

Gertaera honen harira Intxixuari buruzko esamesak indar handiagoz hedatu ziren herritarren artean. Badirudi, halaber, gertaeraren oihartzunak izan zuela eragina On Manuel Lekuonak urte batzuk geroago eginiko ikerketetan.

On Manuelentzat Intxixua pertsonaia misteriotsua zen, sorginaren gizona beharbada. Bere iritziz, intxixu hitza gaztelaniazko hechizo hitzetik zetorren. Era berean, Lekuonak zioenez, oiartzuar batzuen ustez, mairu-baratzeak intxixuen hilerriak ziren eta Arditurriko meategiak ere haiek eginak ziren:

“Ezkutatzen dira baina haien abestiak entzun daitezke. Harkaitz zuloetan bizi dira, aberastasunez inguratuak eta ez dituzte herritarrekin harremanak kultura desberdinekoak direlako.”

Gero, Luis de Uranzu historiagilea izan zen Intxusuaren jatorriaz arduratu zena. Horretarako Arditurri inguruan baserriz baserri intxixuari buruzko informazioa jasotzen. eta jakin izan dugu elkarrizketa haietan jasotako informazioaren arabera, Arditurri inguruko baserritarrek eginiko deskribapenean Intxixua pertsonaia txikia zela (1,20m gutxi gora behera) argala eta ile askokoa. Batzuek inguruko mendietatik korrika dabiltzan iratxo gisa ere deskribatu zituzten. Era berean, aberastasunez inguratuak bizi zirenez, bitxigile trebeak direla esan izan da.

Nolanahi ere, batzuen arabera Intxixuak eta jentilak berdintsuak ziren garai batean. Izena bereiztearekin batera, ordea, Intxixuek ezaugarri propioak ere bereganatu omen zituzten. Barandiaranek, esate baterako, bi pertsonaien arteko antzekotasuna azpimarratu zuen.

Intxuxuari buruz esaten da ere, azal beltzarana, bizarduna eta gorputz iletxua duela eta oso indartsua dela. Indarra, ordea, gauez bakarrik omen du. Mundu basatiaren ordezkaria izaki gizakiak eraikitako zibilizazioaren kanpo bizi da Intxixua.