PARTEKATUTAKO MENDI ESPERIENTZIAK
BERRIAK

Santiagomendi (298 m.)

santiagomendi bilaketarekin bat datozen irudiakDistantzia: 10,16 km 
Desnibela: 296 m.
Bide mota: Zirkularra.
Zailtasuna: Erraza. Bide gehiena porlanezko erreideetatik doa.  
Sarbidea: Soilik Joëlette aulki eta norabide-barrarentzako irisgarria.  
Kontuan hartzekoa: Euria eginez gero, putzuen sakontasuna dela eta, ikus bide alternatiboa.

IBILBIDEA
0.00: Astigarragako Bidebitarte industrigunetik abiatuko gara errepide nagusiaren albotik Martutenerantz.
0.06: Behin Astigarragako kanpoaldean, bidegorriaren beste aldean dagoen Petritegiko errepidea hartuko dugu (bigarren irteera).
0.14: Petritegira iritsita aurrerantz jarraituko dugu.
0.16: Petritegi igarota hiru adarreko bidegurutze bat topatuko dugu. Eskuinerantz errepidea jarraitzen du baina hau albo batean utzi eta aurrerantz doan porlanezko aldapa hartuko dugu dena zuzen jarraituaz.
0.28: Baserri batetara iritsita ezkerrerantz joko dugu Menditxo jatetxeko seinaleari jarraitzen diogularik. Dena den, pixka bat aurrerago jatetxeko seinalea bera alboan utzi eta eskuineko aldapa gogorrari ekingo diogu 600 metroz.
0.40: Aurretik bidegurutzea pasata, bigarren bidegurutze honetan eskauineko lokatzezko bidea hartuko dugu. Bide honen hasieran eta bukaeran putzuak dira ia beti.
1.04: Lokatzezko bidea utzi eta beheruntz joko dugu errepidea topatu harte. Errepidea topatuta, eskuinerantz jo, Perurenako venta pasa, Frantzillako jatetxea pasa eta aparkaleku atzean dagoen eskuineko aldapa hartuko dugu.
1.40: Porlanezko pista aurrera une oro eginaz bidegurutze batetara iritsiko gara. Hemen aurrean dugu mendi bidea hartuko dugu.
1:58 Azkenik Santiagomendira iritsiko gara bertan ermita topatuko dugularik.

Jaisteko ermitaren aurrealdean dagoen pista hartu eta zuzen jarraituko dugu une oro pista berdina jarraituaz.

2:40 Iritsi gara hasitako puntura.

KULTURA
Sagarra eta sagardoaren historia
Sagarraren jatorri geografikoari buruzko lekukotasun sinesgarririk ez dago. Hala ere, espezialisten artean nahikoa onarturik dago frutaren jatorria Kaukason dagoela, hau da, Iraneko Iparraldetik, Kaspio Itsasoan, Trebisondaraino, Itsaso Beltzean. Handik Europa Erdialdera iritsi zen, hango bazterretan Harri Aroko arrastoak ere aurkitu direlarik. Nolanahi ere, argi dago sagar haziak migrazio guztietako horniduraren osagai zirela.

Ezagun da grekoek eta erromatarrek oso preziatzen zutela sagar ardo mota bat, azkenek binium ex malis edo pitara (Estrabón, I. mendea k.a.) zeritzotena. Horrez gain, zalantzazkoa da sagardoa, gaur egun ezagutzen dugun bezala, hau da, sagar muztio hartzitua, erromatarren asmakizuna izan ote zen, egile askok dioten bezala. Orobat, argitzeko dago Testamentu Zaharrean aipaturiko edari hordigarriak, hebrearren sicera hark, gure sagardoarekin zerikusirik ote duen. Nolanahi ere, sagardoa zentzu generikoan hartuta, hots, sagar likore gisa, argi dirudi bai binum ex malis hura bai sicera izenekoa sagardoaren aitzindari zuzenen artean onar ditzakegula. Dena dela, edonolako espekulazioak egiteko moduko kontuak dira, baina xehetasun handiagoak egiteko funts historikorik gabeak.

Era berean, bada beste tesi bat, erakargarria eta erromantikoa izan arren, frogatu ezinezkoa dena, euskal arrantzaleek sagardoa Europako iparraldera eta Ternura eraman zutela dioena. Hori egia izango balitz, normandiarrak eta bretoiak, munduko sagardo ekoizlerik handienak hain zuzen, zorretan egongo lirateke gure arbasoekin.

Dokumentu iturriak erabiltzen hasita, ordea, eremu seguruagoan mugi gaitezke. Horien arabera, Asturiasen eta Euskal Herrian hasi zen sagarrondoaren ustiapen masiboa Iberiar Penintsulan.

Euskal diplomatikari dagokionez, liburu eta artxibategietan arakatu ondoren, sagarrondoen landaketari buruz aurkitu dugun lehen dokumentua 871. urtekoa da eta San Millan de la Cogollako Kartularioan dago. Data horrekin dohaintza bat egin zen eta dagokion idazpenak honako hau esaten du:

“in billa Stabelli, de illo fresnu usque Salone, cum terminos et pertenentia, et cum terris, bineis, ortos, linares, ferragines, pomamares, ad integritate”.

Erdi Aro berantiarreko latinetik itzulita, ondorengo hau esan nahi du, Estabillo hiribilduan, hango lizarretik Saloneraino, bere barruti eta ondasunekin eta lur, mahasti, baratze, liho sail, larre eta sagasti guztiekin3.

12. mendean, Aimeric Picaud-ek gure sagarrondo4 ugariak aipatu zituen, eta 13. mendearen erdialdeko Fernán González izeneko poema anonimoak, bere ahapaldietako batean, honako hau esaten du, Fue dado por cabdiello don Lope el bizcaino, bien rico en manzanas pobre de pan e bino. Euskal Herriko sagardoaren historian, ez dago 13. mendearen aurreko daturik. Euskal Herritik kanpo, sagarretik eratorritako edarien ekoizle nagusietako bat Normandia zen eta gaur egun ere bada. Hala ere, horri buruzko dokumentazio historikoa eta erreferentziak geroagokoak dira, hainbat egilek egiaztatu dutenez. Horien artean, Duperon, Pluquet, Biscait eta Rozier aipatzen ditu Aguirre Miramonek, 1880an argitaratutako liburu honetan, Fabricación de la sidra en las probincias bascongadas y su amejoramiento.

Guk geuk Gipuzkoako antzinako bi dokumentu aurkitu ditugu horri buruz5. Lehenengoak 1342ko otsailaren 14ko data du. Arrasateko herritarrek euren etxean ardoa eta sagardoa zergarik ordaindu gabe saltzeko eskubide osoa zutela agindu zuen Alfontso XI.ak egun hartan, Burgosen. Ondoren, Pedro I.ak agindua berretsi zuen, 1351ko irailaren 6an.

Bigarren dokumentua askoz xehatuagoa eta interesagarriagoa da. Segurako Udal Ordenantzako zortzi puntu dira. Horietan behin eta berriro aipatzen da sagardoa. Horrek argi adierazten du zein garrantzitsuak ziren edari horren produkzioa eta salerosketa garai hartan Gipuzkoako ekonomian. Ordenantzak 1348ko maiatzaren 20an onartu zituzten, eta Alfontso XI.ak berretsi zituen balladoliden urte bereko ekainaren 28an, baita Pedro I.ak ere 1351ko irailean.

Hona hemen zortzi xedapenen laburpena:
Segurako bizilagunek soilik eduki ditzakete ardoa edo sagardoa gordeta hiribilduaren mugen barruan.

Behar izanez gero, hiribilduko edozein herritarrek eros diezaieke mahatsa edo sagarra kanpoko ekoizleei ardoa edo sagardoa egiteko.

Segurako herritarrak izateko kontseiluaren oniritzia behar dute eta horretarako izan behar dira buenos e leales e de paçiençia para serbiçio de nuestro señor rey.

Gordetako ardo eta sagardo guztia kontsumitu arte ezin da kanpotik partida gehiago ekarri.

Segurako harresitik kanpoko baserrietan bizi izanda segurar izan nahi dutenek Santa Maria parrokia elizako mezara joan behar dute ondoz ondoko hiru Pazkotan, eta hiltzen direnean, bertan lurperatuko dituzte.

Kontseiluak hamabi gizon on izendatuko ditu San Migel egunean eta, horiek, fideltasunaren zina egin ondoren, mahatsaren eta sagarraren kalitatea eta kantitatea zaindu behar dituzte. Emaitzen arabera, ardoaren eta sagardoaren prezioa jarriko dute, eta prezio horretan salduko dira hiribilduan urte osoan zehar.

Hamabi gizon horiek, alkateak eta epaimahaiak erabakitakoarekin ados egon ezean, gehiengoaren irizpidea nagusituko da.

Aipaturiko aginduetako bat hausten duten herritarrek 1000 marabediko isuna ordaindu behar dute. Isun horien bidez bildutako dirua Segura hiribildua babesten duen harresia konpondu eta hobetzeko erabiliko da.

Ikus dezakegunez, 14. mendearen lehenengo erdialdetik aurrera Gipuzkoako herrietan sagardoa egin eta saltzeko araudi zehatza zegoen indarrean. Argi dago, beraz, ordurako sagardogintzaren tradizioa luze-luzea zela eta hainbat familiak zihardutela jarduera horri lotutako edozein zereginetan, dela laborantzan dela merkataritzan. Izan ere, sagastiak eta sagardoa guztion aberastasuna zen haientzat. Hala, garai hartako zenbait xedapenek hiltzera kondenatzen zituzten upelak hausten zituztenak, deserrira bost sagarrondo hondatzen zituztenak eta isun handia ordaintzera sagardoari ura botatzen ziotenak.


Erdi Aroaz geroztik, euskal legelariak arduratu eta kezkatu izan dira sagarrondoen babesaz eta sagardoaren kalitate-kontrolaz. Udalerrietan ere, Antzinako Erregimeneko ekonomia guztietan bezala, tokiko produkzioa babesten zuten kanpoko lehiakideengandik. Hori argitzeko, Gipuzkoan aurkitutako adibide batzuk ekarri ditugu lerro hauetara.

1329ko uztailaren 20an, Tolosako kontseiluak sagardotarako sagarrak ekartzea debekatu zuen, harik eta bertako sagarrekin egindako edari guztia saldu arte. Agindua hausten zuenari salgaia konfiskatuko zioten. Hala ere, etxean kontsumitzeko sagardotarako sagarra behar zuten herritarrek kanpoan eros zezaketen, Tolosan egon ezean, eta sagarra eta sagardoa ez merkaturatzeko konpromisoa hartu behar zuten6.

Beste hiribildu batzuetan ere xedapen berdinak zituzten. Hala, 1546an, Luis de Alçega donostiarrak bi upel sagardo sartu zituen Donostian, Hernanin zituen lurretako sagardoz egina. Agintariek hura jakin zutenean, sagardoa botatzeko agindu zuten. Donostiako 1489ko Ordenantzek kanpoko sagardotegietan egindako sagardoa portuan ontziratzea ere debekatzen zuten; edo, bestela esanda, gipuzkoar sagardogileek ezin zuten beren produkzioa esportatu Donostiako portuaren bidez7.

Goragoko hierarkian, Gipuzkoako Batzar Nagusiek berek ere hainbat aldiz berretsi zuten udalerrietan sagardoa saltzeko debekua, harik eta tokiko produkzioa agortu arte. Erabakiaren berrespen horietako bat Hondarribian eman zuten, 1593ko azaroaren 20an.

Hernanin, 15. mendeaz geroztik, denboraldi bakoitzeko sagardo salmenta zozketaz ezarritako ordenaren arabera egiteko agintzen zuten Ordenantzek. Era horretan, zozketan lehena irtendako ekoizleak bere sagardo guztia saldu arte, bigarrenak ezin zuen bere produkzioa atera, eta horrela ondoz ondo. Upelak beteta zeudenean, sagardogileek itxi eta zozketaren bidez irekitzeko data ezarri arte itxaron behar izaten zuten. Irekitzeko ordua heltzen zitzaienean, lizar-adarrez apaintzen zituzten biltegietako ateak. Lehen upelaren irekiera elizako pulpitutik jakinarazi ohi zuten, eta kanpai hotsek berretsi, ondoren Udal Bandoak ordezkatu zuen sistema hura.

Sagardoari buruzko araudi guztietan errepikatzen den bigarren alderdia kalitate kontrola da. Hala, 1335eko azaroaren 1ean, Tolosako Udalak honela ohartarazi zituen sagardo merkatariak, sagardo ureztatua saltzen harrapatuz gero, 100 marabediko isuna jarriko zien8.

Leintz Gatzagako 1548ko Ordenantzek, sagardo berria sartu aurretik bertakoa kontsumitu behar zela agintzeaz gain, honako hau xedatzen zuen, errejidoreek, egungo zinegotziek, hiribilduan egindako sagardo guztiari prezioa jarriko zioten, dastatu ondoren, eta sagardo ureztatua saltzen saiatzen zirenei upeleko 1000 marabediko isuna ezarriko zieten. Zenbateko horren erdia salatzailearentzat eta gainerakoa hiribilduan konponketak egiteko izango zen9.

Bi kontu horiek, tokiko sagardoa defenditzea eta iruzurra zigortzea, Gipuzkoako 1585eko Foruen 21. tituluan jasotzen dira. Titulu hori sagardoari eskainita dago osorik.
Gure herri eta hirietako artxiboetan milaka paper-sorta daude, xedapen horien hausturak jasotzen dituztenak.

Ikuspegi sozio ekonomiko hotza osatzeko, beste exegeta baten ikuspegi originalagoa eskainiko dugu: Bordeleko epaile Pierre Lancrek, 17. mendearen hasieran sorginkeriaren akusaziopean ehunka lagun sutara bidali zituenak, hiru apaiz barne, bere liburu Inconstance des Démons izenekoan zioenez, euskaldunen gaiztakeriaren eragilea, bere kargua zela eta zigortu behar zituen sineskeriek eta heterodoxiek agerian uzten zuten gaiztakeria, alegia, edaten zuten sagardoa zen, hau da, Adan eta Eba galbidera eraman zituen deabruzko frutaren zukua.

Agian, Lancre magistratuak ez zekien gure arbasoen pragmatismoaren berri. Sute arriskua izanez gero, gure arbasoak prest zeuden deabruzko edari hori sutara litroka botatzeko. Esaterako, Hernaniren kasuan, suak hiribildua suntsitzeko arriskua izanez gero, sagardo erreserba guztiak hustera behartuta zeuden, gogoratu beharra dago garai hartako etxeak zurezkoak zirela eta bata besteari itsatsita zeudela, hortaz, haietako batek sua hartuz gero, herri osoa errausteko arrisku bizia egongo zen.

Pasadizoak alde batera, dirudienez, 16. mendearen hasieratik aurrera sagastien azalera murriztuz joan zen Amerikako artoaren mesedean, hori izan baitzen Mundu Berriaren konkistak Europara ekarritako ondasunik handiena. Beharbada, bizkaitar, arabar eta nafarrek garai hartan utzi zioten sagarrak landatzeari. Izan ere, oroitarazi behar da sagardogintza Euskal Herri osoan hedatuta zegoela baina, hainbat zirkunstantziak eraginda, Gipuzkoara mugatu zen, eta horrela izan da orain arte, gaur egun gainerako lurraldeetako produkzioa ezdeusa delarik.


Ondorengo urteetan, lurraldearen isolamendu ekonomikoak, geldialdi teknologikoak eta sagardotarako sagarrondoen ahidurak sagardoaren gainbehera ekarri zuten. Era horretan, 1960ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen eta, ordutik aurrera, bertoko balioak suspertzen hasi zirenean, sagardoak ere susperraldiari ekin zion eta bide horretan dago oraindik.

TRACKA