PARTEKATUTAKO MENDI ESPERIENTZIAK
BERRIAK

Aldabe (249 m.)

Distantzia: 3 km (joan-etorria)
Desnibela: 200 m.
Bide mota: Joan-etorria bide beretik.
Zailtasuna: Ertaina. Nahiz ibilbide motza izan hasierako porlanezko zatia eta azken zatia oso aldapatsuak.  
Sarbidea: Soilik Joëlette eta norabide-barrarentzako irisgarria.  
Kontuan hartzekoa: Euria eginez gero kontu handiz ibili

IBILBIDEA
0.00: Irungo Ibarla auzoan kokaturik dagoen Borda Txiki jatetxearen aparkalekutik abiatu errepide aldera joango gara. Behin iritsita ezkerretara jo espaloietik. Segituan espaloiaren beste aldean errepide aldapatsu bat ikusiko dugu. Kontu handiarekin errepide nagusia pasa eta aldapara joko dugu.
0.15: Porlanezko bidea utzi eta eskailerak albo batean dituen bidea hartuko dugu Aldabe baserriraino. Bertatik errepidetxoa hartuko dugu goranzko bidean.
0.30: Errepidea beste behin gurutzatuko dugu porlanezko bide berria hartzen dugula. Bide hau ere gero bidetxur bilakatzen da.
1:00 Errepidea gurutzatu eta azken aldapari jo eta gero gailurrera iritsi gara bertan San Martzialeko ermita ikusiko ugularik.

KULTURA
San Martzialeko gudua
Arma-desfile bat da, Irunen ekainaren 30a denean, San Martzial egunean, herriko jaietan egiten dena. 1522ko ekainaren 30eko goizaldean tropa frantziarrak garaitu izanaren oroigarri ospatzen da. Borroka hura Irungo Aldabe Harrian gertatu zen; eta frantziarrak egiten ari ziren hainbat erasoetako bat izan zen, haien asmoa baitzen Bidasoako muga-gunea kontrolatzea.

Nafarroako errege ohiak bere erreinua berreskuratu nahi zuen, Fernando I.ak konkistatuta Gaztelako koroarena baitzen. Albreteko Enrike ez zegoen prest ordura arte Nafarroan zeukan kontrola galtzera. Helburu hori zutela, tropa frantziarrek, hainbat sarralditan huts egin ondoren, erreinu zaharra inguratzea erabaki zuten, horretarako Gaztelari leial ziren gotorlekuak bereganatuta. 1521ean hasi ziren sarraldiak; eta 1522ko ekainaren 28an, 4.500 mertzenariok (lapurtarrak eta alemaniarrak) osatutako ejerzitoak Bidasoa ibaia gurutzatu zuten eta lekua hartu zuten ordura arte Aldabeko Harria esaten zitzaion mendian. Izen hori han dagoen baserritik jaso zuen. Hurrengo egunean, ekainaren 29an, San Pedro eta San Paulo egunean, Gazteluzaharreko gotorlekua hartu zuten alemaniarrek. Oldartze horri aurre egiteko, Juan Perez de Azcue eta Miguel de Ambulodi kapitain irundarrek, tropen agintari zirela, gerrarako balio zuten gizonezko guztiak deitu zituzten, 400 gizonezko bakarrik izan ziren.

Bestalde, Irungo emakumezkoen eta umeen papera funtsezkoa izan zen. Errenteriako apaiz Mosen Pedro de Hirizarrek, hango bizilaguna zen eta "horniduragina" ofizioa zuen, laurehun "makil-aizkora" baino gehiago erosi eta banatu zituen hiriko emakumeen eta gaztetxoen artean. Xedea zen legoa bat oinez eta isilik egitea aizkorak sutan zituztela, orduko Errege Bidearen goialdetik (Oiartzunerako eta Errenteriako bideak banatzen zituen) Irungo plazaraino, arerioei sinistaraziz soladu irundarrak Irungo gunean bilduta zeudela eta ez Aldabeko Harria aldera abiatuak.

Emakumeak eta umeak Errege Bidean ziren bitartean, tropa irundarrek, Gipuzkoako Kapitain General Beltran de la Cuevak lagunduta –borrokara etorria baitzen infanteriako zati batekin: 1.500 gizon eta 150 zaldi– pixkanaka eta isilean aurreratzen zuten kontrako lekutik; eta lehendabizi, mendian lo zeuden indar lapurtarrei eman zieten ustekabea; eta gero, alemaniarrei, Gazteluzaharren. Bizirik irten ziren soldadu alemaniarrak lapurtarrak laguntzera abiatu ziren korrika, Aldabeko Harrian gertatutakoa ahaztuta; eta haiek ere bota egin zituzten.

TRACKA